[EUS] Naroa Garcia Ibaibarriaga: “Euskal Herria mikroornodunen ikerketan nazioarteko mailako errefer
- historiaurrekoiker
- 21 dic 2016
- 2 Min. de lectura

Naroa Garcia Ibaibarriaga Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) Geografia, Historiaurrea eta Arkeologiako Saileko irakaslea dugu. Euskal Kuaternarioko aztarnategi arkeologiko eta paleontologikoetan aurkitzen diren mikroornodunen ikasketetan zentratu du bere ikerketa profila. Zenozoiko erregistro Unibertsitateko Ikerketa Taldean integraturik (GIU15/34), duela urte batzuetatik Historiaurreko Ikerketa Taldearekin (IT-622-13) kolaboratzen du.
Zeintzuk dira zure ikerketa gaiaren aurrekariak? eta zein puntutan kokatzen ginen duela 4 urte?
Txantxa bezala hartu daiteke, baina mikroornodunen interesa Lezetxikiko aztarnategiko indusketan agertzen hasi zitzaidan (Arrasate, Gipuzkoa). Bahean ateratzen ziren hezurrak bitxiak iruditzen zitzaizkidan, eta indusketako zuzendariak, Alvaro Arrizabalagak, “tematzen” hasi zitzaidan ea zergatik ez nuen ikerketa gai bezala hartzen, berak Xabier Murelaga, mikroornodunetan aditua eta UPV-EHU irakaslea, ezagutzen zuela. 3 urte beranduago, nire Kuaternarioko Ingurugiro Aldaketak eta Giza Oinatza Unibertsitate Masterreko Tesiaren izenburua “Lezetxiki II-ren maila basaleko mikrougazdunen erregistroa (Arrasate, Euskal Herria)” izan zen.
Duela 4 urte jada eginda zeuden euskal Kuaternarioko aztarnategi arkeologiko eta paleontologikoko mikroornodunei buruzko ikerketa ugari, dagoeneko mikrougazdunen aztarnak eta aztarna herpetologikoak batera ikertzen zirelarik.
Zeintzuk izan dira aurrerapen nagusienak zuen lanaren ekarpenaren ondorioz gehituz joan direnak?
Gaur egun Euskal Herrian, Erdi Pleistozeno eta Goi Pleistozenoan eta Holozenoaren hasieran dataturiko 40 aztarnategi arkeologiko eta paleontologiko inguru ditugu ikerketa mikropaleontologikoak dituztenak. Gainera, azken urteetan zehar Euskal Herria arlo honetan erreferentzi puntua bilakatu da nazioarteko mailan, Sicista betulina eta Muscardinus avellanarius garai Kuaternarioko hezur fosilen Iberiar Penintsulako lehen deskribapena dela eta. Era berean, Allocricetus bursae espeziaren lehen aipua deskribatu dugu Kantauri eskualdean.
Nola baloratzen duzu Zenozoiko erregistro Unibertsitateko Ikerketa Taldea (GIU15/34) eta Historiaurreko Ikerketa Taldearen (UPV-EHU) arteko kolaborazioa?
Bi ikerketa taldeen arteko kolaborazioak ibilbide zabal bat darama, emaitza onak eskainiz. Historiaurreko Ikerketa Taldearen ikerketa gai handienetako bat Goi Pleistozenotik Erdi Holozenora Pirinio mendebaldeko bi isurialdeen erregistroaren paleoingurunearen berreraiketa da. Arlo honetan, mikroornodunen ikerketa pieza klabeetako bat izango da, beraz, bi taldeen arteko kolaborazioa etengabekoa da. Kolaborazio honetatik, prestigiozko estatu maila zein nazioarteko aldizkarietan ikerketa ugari argitaratu dira, Quaternary Research, Quaternary International edo Geogaceta, beste askoren artean.
